XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EHIZTARI BELTZA

Beti inoiz harrapatuko ez duen harrapakinaren ondoren ibiltzera kondenatutako ehiztaria da.

Zakur bat edo batzuk lagun ditu.

Mitoaren aldaeren arabera ehiztariak izen desberdinak ditu: Gipuzkoan Martin edo Mateo Txistu dira ehiztariaren izen ezagunenak eta Bizkaian Joanito edo Joaniko Txistularia hedatuago daude.

Ia Euskal Herri osoan kondaira guganaino kristautasunaren kutsu handiaz heldu da.

Ehiztaria erbiari segika meza utzita hasi zen apaiza zela esaten da, adibidez.

Horregatik ekaitza zegoeneko gauean Abadearen Txakurra esan ohi zen ahopeka, haize-hotsa apaizaren zakurraren zaunkarekin identifikatzen zelako.

Zuberoan, noraezean dabilen ehiztaria ez da apaiza; Salomon izeneko erregea baizik, baina elizatik meza ari zela alde egin zuen erbiaren atzetik.

Gaskoniako Landetan pertsonaia Artus izeneko erregea da eta argitu beharra dago izena zelta dela.

Katalunian Mal Caçador izenez ezagutzen dute.

Zazpi urtetik behin azaltzen da Mal Caçador delakoa, munduari bira ematen denbora hori behar duelako.

Dena den, alderrai dabilen ehiztariaren kondaira oso hedatua dago.

Eta ez Pirinioetan bakarrik; Europako ipar eta erdialdean ere bai baizik.

Julio Caro Barojaren iritziz, antzina-antzinako kondaira da, nahiz eta guganaino aldatu samarra heldu den.

Nolanahi ere, atsedenera edo betiko sutara arimak airean dabiltzalako uste herrikoia Pirinio guztian eta Bizkaiko itsasoko kostalde guztian zabaldua dago.

Ekaitza denean gauean airean (baita kaleetan ere) gorpuei laguntzen zuziak piztuta doazen arima-oste handiak dabiltzala esaten da.

Aezkoan ekaitz-haizeak Iratiko zuhaitzak astintzen zituenean, izpiritu gaiztoek eta sorginek Joana Albretekoa Nafarroako erreginaren hilotza zeramatela basoan ibiltzen zirela uste zuten.

Protestante bihurtu zen erregina hark, katolikoak jazarri zituen.

Hil zenean, lamiak eta sorginak egin ziren haren gorpuaren jabe, eta harrezkero, atsedenik hartu gabe, giro triste eta algara beldurgarriak eginez erabiltzen dute garai batean menpean izan zituen lurraldeetan.